ENRIQUE AZURZA
Director fundador del grupo vocal profesional KEA, especializado en música contemporánea

ENRIQUE AZURZA
Bere belaunaldiko koru-zuzendari nabarmen eta dinamikoenetako bat da. KEA Ahots Taldearen zuzendari eta sortzailea da, eta antzinako musikan eta musika garaikidean espezializatuta dago. Bilboko Koral Elkartearen zuzendari artistikoa da 2016ko apirilaz geroztik, eta Tolosako Hodeiertz abesbatzaren zuzendaria 1985etik. Euskal Herriko Unibertsitatearen abesbatzaren zuzendari izan zen 1999 eta 2016 artean, baita Aragoiko Abesbatza Institutuaren abesbatzarena 1993 eta 2003 artean ere. Besteak beste, RTVE Abesbatzaren eta Stockholmeko St. Jacobs Kammarkör abesbatzaren zuzendari gonbidatua izan da.
Abesbatzen Zuzendaritza ikasi zuen, Euskadin eta Stockholmen, Anders Eby-rekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker. Espezializazio-ikasketak egin zituen, Eric Ericson eta Carl Høgset irakasle zirela.
Koru Musikaren Nazioarteko Federazioak birritan gonbidatu zuen Koru Musikaren Munduko Sinposiora: Sydneykora (1996) eta Puerto Madrynekora, Argentinan (2011).
Abesbatzen zuzendari eta prestatzaile gisa, askotariko errepertorioei heltzen die, antzinako musikatik garaikidera, a cappella musikatik errepertorio sinfoniko-koralera, ganbera-koru amateurrekin, bakarlarien ahots taldeekin zein abesbatza handiekin. Hogeita hamar urtetik gorako ibilbidean, ezin konta ahala jaialditan eta agertokitan zuzendari aritu da, eta estatuko nahiz atzerriko sari asko jaso ditu. Grabaketa askotan parte hartu du, halaber.
Kantu koraleko irakaslea da Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, eta zuzendaritzako eskolak ematen ditu, hitzaldi eta mintegiez gain. Ejea de los Caballeroseko Abesbatza Lehiaketaren zuzendari artistikoa da eta musika-aholkularia Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan, baita 2017an Bartzelonan egin zen Koru Musikaren Munduko Sinposioan ere.
Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen presidentea izan da, eta epaimahaiko kide izan ohi da tokiko eta atzerriko jaialditan: Tolosa, Arezzo (Italia), Debrecen (Hungaria), Tours (Frantzia), Varna (Bulgaria), Marktoberdorf (Alemania), Montreux eta Neuchâtel (Suitza), Maasmechelen (Belgika), Maribor (Eslovenia), Busan (Hego Korea) eta Hong Kong (Txina).